Gu ta Gutarrak


Hitzaldiak

Euskara batuaren bigarren jaiotza

Euskara batuaren bigarren jaiotza

HAMAR ORDUKO IKASTAROA, BOST EGUNETAN edo era oso laburtuan, ekitaldi bakarrean ere aurkez daitekeena

Xabier Amurizak Osoa, leihakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza izeneko bere saiakeraren azalpena proposatzen du.

“Horiek oro horrela izanik, edo ez izanik, erabakia dut ez dudala, aurrerantzean, euskaran sarritan aurkitzen dugun hutsune estrukturalik onartuko. Edo egitura zahar bat hartara egokituko dut, edo soluzio berri bat emango diot, baina ez naiz gehiago makurtuko itzulinguru, esaldi-mozte eta gisako inpotentzietara, “euskaraz horrelakorik ez dago” diotelako. Hutsune ‘estrukturalak’ esatean, egitura sintaktikoak esan nahi dut. Baita hutsune lexikoak ere. (Arlo honetan badakit premia askok, esapide, argot eta abar, ez dutela onartzen artifizialki hornituak izaterik). Lehiaren lege gupidagabez baino ez bada ere, bada inguruko hizkuntzekin nahitaez konpartitu behar dugula uste dudan ondare komun oso zabal bat, gramatikak eta hiztegiak orain arte onartzen ausartu diren baino askoz zabalagoa, eta erabaki dut ez egotea hizkuntzalari, hiztegilari, gramatikari eta arauemaileen zain. Badakit bat baino gehiago aurkitzen direla nire antzeko sentieran, eta baliteke horiei ondo etortzea lan honetan planteatzen diren arazoak, eta eskaintzen diren soluzioak”.

Saiakeraren sarrera orokorreko pasarte horretan iragartzen den bezala, hauexek dira ikastaroan azaldu eta debatituko diren gai konkretuak:

I) LEHEN EGUNA: ERLATIBOA. “Hizkuntzaren (gure inguruko hizkuntza guztien) egitura nagusietako bat erlatiboa da. Sorkuntza literarioan, berriz, funtsezkoena dela esaten ausartuko nintzateke. Xehetasun guztiekin heltzekotan, berak bakarrik osa lezake liburu gizen bat. Euskaraz oraindik erlatiboaren zati handi bat airean daukagu, itzulinguru arbitrarioz eta, sarritan, okertzailez baliatzen garela”.

Erlatiboaren atal garrantzitsu eta luzearen soluzio osoa eskaintzen da, bai erlatibo ez-murrizgarrian, bai, batez ere, gehiena hutsune dugun erlatibo murrizgarrian. Kasu guztiak eta banaka, adibide ugari eta zehatzez azaltzen dira. Baita sor daitezkeen arazo berriak ere, konkordantziazkoak, adibidez.

II) BIGARREN EGUNA: ARAZO SINTAKTIKO LARRI BATZUK Atal luze honetan, hainbat arazo azaltzen dira, batzuk oso garrantzitsuak eta hutsune handikoak, hala nola: aposizioen konkordantzia (euskararen ordenagatik, erdaretatik oso ezberdina), perpausaren ordena, singular-pluralen erdaragazko portaera ezberdina, izen baten menpeko perpausak (atal luzea, garrantzitsua eta zaila), deklinabide-kasuen joskera, eta kasuon izenekiko lotura (datiboan falta dena, adibidez), konparazio berdintzailea, beheranzko graduatzaileak (ezin dugu zuzenean esan “menos malo, el menos malo”, eta abar), neologismo beldurgarriak, erreflexiboa, kontsekutiboa, bokatiboa, generoa, genero neutroa. Beste arazo txikiago batzuk ere azaltzen dira.

III) HIRUGARREN EGUNA: ADITZA. Saiakeran, Aditzaren fantasia heroikoa deitzen atal luze hau honela hasten da:

 “Jo diagu haitza, Santxo! Ez Eliza, baizik Euskal Aditza. Lan honen lehen paragrafoan nioen: ‘Nago euskararen arazo nagusia euskara bera dela. Hots, euskara deritzon tresna’. Orain, bigarren baieztapena menturatzen dut: euskararen arazo nagusia bere aditza da (...) Saiakera honetako kasurik gehienetan, soluzioak ematen saiatzen naiz. Eta horietako asko garaile irtengo direla uste dut. Larriena izanik ere, arazo batentzat soluzioa posible bada, ez da hain arazo larria. Aditzaren kasuan, arazoaren alderik larriena da oso soluzio zaila daukala. Niretzat, oraingoz, ezinezkoa. Horregatik, auzia, oro har, eta bere zenbait alde zehatz, planteatu besterik ezin ditut egin, etsipenez”.

Oso gai luzea eta bihurria den honetan, dena ez da ezin hutsa ere. Arazo batzuk konpontzen dira: era pasiboa, aditz-izenak... Beste batzuetan, norabide bat markatzen da, aditz trinkoen kasuan, adibidez. Zenbait erdal aditz atzizki nola asimilatu: –izar, –ear, –ficar (fertilizar, pelotear, escenificar). Eta abar.

IV) LAUGARREN EGUNA: LEXIKOA Hiztegi osoa, nazionala eta bakarra deituriko atal luze honetan, lexikoan oraindik nabarmenegi dabilen kaosaren deskribapena egiten da, eta irizpide zehatzago, globalago eta, ustez, irtenbide ziurragokoak proposatzen dira, honako azpiataletan banatuak, batzuk aipatzearren: hitz komunen ondarea, maileguen irizpidea, eredu europarragoa, euskal hitzen lehentasuna, bereizkuntzen lehentasuna, ona eta hobea, hitz berrien sorkuntza, euskal hitz guztiak nola, erdal-euskal histegia, euskal erdal hiztegia, nazionala, aukeren mugatzailea, hiztegi etengabe hobetua, eta beste batzuk.

V) BOSGARREN EGUNA: ZUZENTZAINDIA ETA SORTZAINDIA Atal honetan, euskarararen aurrerakuntzak eta kalitateak behar dituen tresnak edo dinamikak planteatzen dira. Zuzentzaindia izenekoan, akatsen zerrenda luze bat dator. Nork zuzendu behar ditu okerrak (hor aipatuak eta beste guztiak), eta nola antola daiteke autoritatezko dinamika bat, batetik, degenerazioei efektiboki aurre egingo diena, eta, bestetik, kalitatezko soluzioak emango dituena? Sortzaindia izenekoan, hutsuneen eta eten gabe sortzen diren premia berrien aurrean, soluzio global eta batu bat emateko antolakuntza planteatzen da, beti ere, oso adibide eta premia zehatzen gainean.

Hitzaldia edo ikastaroaren berri gehiago jakiteko, deitu 943 260 755 edo email bat bidali, marketina@lanku.com -era

gehiago irakurri

Olatu bat kuartelen gainetik, Xabier Amuriza

Olatu bat kuartelen gainetik

Olatu bat kuartelen gainetik deritzona Joan ziren zikloko aurreko bien, Dinosauroak horizontean eta Orain ezin naiz hil izenekoen, jarraipena da. Hirugarren liburuki hau ere lehenengoan abiatutako fenomeno esplikaezin baten garapena da. Ez nola ez zergatik munduan bakarrik gelditu zen edo abandonatu zuten ez jakiteak ez du protagonista biziraun beharretik libratzen. Premia horrek Oiz mendiaren hego aldetik (Durangaldetik) ipar aldeko (Lea Artibaiko) itsasertzera darama. Lekeitio. Hemen, bere biziraupen fsikoa antolatzeagaz batera, 1960ko hamarkada aurkitzen du, diktaduraren erraietan. Euskal Herriari dagokionez, hamarkada hori eta hurrengoaren lehen zatia protagonistak gogoratzen duen arorik esplosiboena izan zen.

Eleberri honetako pasarte eta pertsonaia ugariek, garai haren islapenaz gainera, eraikuntza literario bat osatzeko gai agortezina dakarte. Adimen eta oroimen hutsean gelditu den biziraule bakarrak (beste guztiak ‘joan ziren’), gertaera egiazkoen eta asmatuen gainean, pizkunde edo ‘olatu’ politiko eta moral handi baten sorrera eta hazkundea berritzen ditu.

Liburu honen harira, Xabier Amurizak hitzaldiak emateko aukera eskaini nahi du. Olatu bat kuartelen gainetik liburua, Bizkaiko zenbait herritan kokatua egoteaz gain, bertan gertatuak biltzen eta kontatzen ditu Xabierrek.

Zuen herrian kokatzen denez, zuengana zuzentzen gara bertan hitzaldi-aurkezpena egiteko proposamena eginez.

Hizlaria: Xabier Amuriza

gehiago irakurri

Ahozkotasuna

Ahozkotasuna

Andoni Egañak landu du gai hau eta bere hitzetan: "Pertsonen arteko komunikazioa ahozko adierazpideen bitartez gauzatzen da gehienean. Azken boladan ordea, adierazkortasuna galdu dugu. Ez gara gai esan nahi dugun hura hartzaileari eragiteko moduan esateko. Badirudi gainera, ez zaigula esan-indarraren galera, askorik axola. Ahozkotasunaren bigarren aroan bizi gara. Telebista, irrati, telefono, telefono-mezu...Gero eta beharrezkoagoa da ahozko hizkera ongi menperatzea eta paradoxikoki, oraintxe ari zaigu gehien pobretzen"

Hitzaldia publiko guztiari dago zuzendua

Hizlaria: Andoni Egaña

gehiago irakurri
© 2007 Lanku · Astigarraga bidea, 2,2. Oarsoaldea enpresa gunea, 8. bulegoa, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa T. 943 260 755
A | xhtml | CSS - Adurrek garatuta